
Elorrioko taldea Abadiñokoari gailendu zitzaion ETB1eko ‘Bostekoa’ saioaren lehen kanporaketan eta datorren zapatuan, hilak 9, finalerdia jokatuko du Ibarrako taldearen kontra. Norgehiagoka Mungiako Birle auzoko probalekuan izango da.
Euskal pentatloian oinarritutako ‘Bostekoa’ saioan, zortzi herritako beste hainbeste taldek parte hartu du. Partaideek sokatiran, txingetan, harrijasotzen, trontzan eta giza-proban aritu behar dira.
Lehenengo saioan Elorrio eta Abadiño lehiatu ziren eta norgehiagoka elorriarrek irabazi zuten. Orain, Elorrioko boskoteak Ibarrako bost partaideen kontra neurtu beharko ditu indarrak.
Elorriarren eta Ibarrakoen arteko saioa martxoaren 8an grabatuko da Mungiako Birle auzoko probalekuan eta talde biak final nagusian izateko txartela lortzen ahaleginduko dira. Finala irabazten duen taldeak 5.000 euroko saria eskuratuko du.
Finalerdira joan eta herrikideak animatu nahi dituzten elorriarrentzat autobusa prestatu du ‘Bostekoa’ saioa ekoizten duen produkzioa etxeak. Autobusa goizeko 10:00ak edo 10:30ak aldera irtengo da Nizeto Urkizuko parkingetik eta bertan joan ahal izateko beharrezkoa da izena ematea Parra tabernan.