

Elorrioko Udalak uztailaren 3an jokatuko den III. Trikitilari Gazteen Txapelketa antolatu du eta bertan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Guztira sei bikote arituko dira arratsaldeko 18.00etan plazako pilotalekuan egingo den lehiaketan.
Deialdi irekia da eta bikote asko apuntatzen badira, arratsaldeko 16.00etan egingo den kanporaketa gainditu beharko dute parte hartzaileek. Sailkatutako sei bikoteek finalean izateko txartela lortuko dute.
Lehiaketa hau 20 urte arteko gazteentzat mugatuta dago eta bikote bakoitzak hiru pieza eskaini beharko ditu, trikitria, porrusalda eta gehienez hiru minutuko iraupena izango duen pot-pourria, hain zuzen.
Epaimahaiak piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero jolearen lana baloratuko dituzte. Trikitilariek, gainera, koplaz lagundu beharko dute beren jarduna.
Lehenengo hiru sailkatuak jasoko dituzte sariak. Bikote irabazleak txapelak eta 250 euroko ordainsaria eskuratuko du, bigarren sailkatuak 200 euroko ordainsaria eta hirugarrenak 150 euro irabaziko ditu. Txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 80 euroko dieta izango dute.
Lehiaketari buruzko informazio guztia eta izen-emate orria Elorrioko Udaletxean eta Udalaren web orrian (www.elorrio.net) daude eskuragai. Izena emateko epea irekita egongo da ekainaren 25a arte.