Elorrioko Udalak 46.500 euroko diru-atala prestatu du alarma-egoeraren ondorioz herriko ostalaritzako eta sukaldaritzako sektoreko establezimenduek jasan dituzten galerak gutxitzeko. Funtsa horren bidez, gehienez 1.500 euroko laguntza jaso dezake negozio bakoitzak.
Ostalaritza arloko negozioentzat bideratutako laguntza berezi honekin “sektoreko pertsona eta familia guztien egoera zaila nolabait arintzea gura dugu”, Maria Herrero Elorrioko Udaleko alkateorde eta Gizarte politiketako zinegotziaren esanetan.
Gobernu Taldeak eta oposizioko alderdiek onartutako laguntzak, “murrizketekin jarraitzen duen sektore bakarrari” zuzenduko zaizkio. Era berean, “lehentasunezkoa zen laguntza berri hau azkar martxan jartzea”, adierazi du Herrerok.
Zuzeneko diru-laguntza hau norgehiagokarik gabeko erregimenean emango da eta diruz lagundu daitezkeen gastuak ondoren justifikatu beharko dira. Horretarako gehieneko epea hilabetekoa izango da, ostalaritzako eta sukaldaritzako sektoreari ezarritako murrizketa guztiak desagertu eta hurrengo egunetik aurrera. Modu berean, urriaren 25etik murrizketak erabat kendu arte sortutako gastuak ere hartuko dira kontuan.
Onartutako laguntza jaso gura duten ostalaritzako eta sukaldaritzako sektoreko establezimenduek, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu beharko dituzte eskabideak.