Elorrioko Udalak 2017-2023 epean indarrean egongo den IV. Berdintasun Plana onartu zuen azkenengo Osoko Bilkuran. Plan berriak lau ardatz nagusi izango ditu: Berdintasunaren aldeko gobernantza; Emakumeen jabekuntza eta boteretzea; Berdintasunaren aldeko herria eta, azkenik, Indarkeria matxistarik gabeko herria.
Berdintasun plan berriak “izaera guztiz estrategikoa” duela nabarmendu du Udaleko Berdintasun sailak. Izan ere, udal sailetatik sustatzen diren politika publikoek eduki beharreko norabidea edo iparrorratza markatuko dute.
Plan berria kudeatzeko udal-egitura berriak sortu dira; hala nola, udal-sailen arteko Mahai teknikoa eta Arloetako Ordezkari Politikoen Mahaia.
Bideorria
Lortutako emaitzarekin “oso pozik gaude”, adierazi du Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotziak, plen berriak “2023ra arteko bideorria zehazten digulako eta arlo honetan aurrerapauso handiak ematea ahalbidetuko digulako”.
Uriartek “prozesu luzea bezain aberasgarria” izan dela aitortu badu ere, “Elorrion emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasun egoera bat lortzeko muinarria” izan daitekeela ere uste du.
IV. Berdintasun Plana gauzatzeko bi fasetan antolatutako prozesua garatu zen 2016an. Urtarriletik ekainera arte III. planaren ebaluazioa eta diagnostikoa egin zen eta irailetik abendura bitartean plan berria diseinatzeko baliatu zuten. “Prozesu guztia partehartze bideen bitartez” egin zela nabarmendu zuten udal ordezkariek.