Elorrioko Udalak bertako langileen jarduna berrantolatu du herritarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, Covid-19ak eragindako egoera berezia dela eta. Zerbitzuak ematen jarraitzeaz gain, gobernu-taldeak ohiko jardunari eusten dio.
Koronabirusen izurritearen eraginez, Udalak zerbitzuak egun hauetako egoerari egokitzea erabaki du. Hori dela eta, Udaltzaingoak eta brigadetako kideek baldintza berezietan jarraituko dute lanean. HAZan (Herritarren Arreta Zerbitzua) berriz, pertsona bat egongo da beti herritarrei telefonoz zuzenean erantzuteko, larrialdi baten aurrean edo premia bereziren bat dutenerako.
Udal-gobernuak ere bere jarduerari eutsiko dio eta herritarrek ohiko bideak erabili ahal izango dituzte haiekin harremanetan jartzeko. “Alkatea eta alkateordea, bat zein bestea, udaletxean egongo dira edozeren aurrean erantzun ahal izateko”, adierazi dute.
Bestalde, udalari dagozkion gainerako azpikontrataturiko zerbitzuak etenda daude, baina bertako langile guztiek bermatuta izango dute, bai lanpostua, bai dagokien soldata.
Kiroldegiko abonua duten herritarrei “abonuaren zati proportzionala itzuliko die Udalak egoera bere onera itzuli bezain laster eta aurrerago azalduko den moduan”.