Elorrioko Udalak urtarrilaren hasieran egindako kiroldegiko kudeaketaren aldaketa “normaltasunez eta inzidentziarik gabe” burutu da, Gobernu Taldetik adierazi dutenez. Kirol instalazioen kudeaketa bere gain hartzea erabaki zuen Udalak azaroko udalbatzan, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-ren aldeko botoekin eta EAJ-ren ezezkoarekin.
Orain arte izandako kudeaketa ereduarekin, Udalak 275.000 euro baino gehiago ordaintzen zizkion BPXport Kirol Zerbitzuak S.L. enpresari, kiroldegiko zein udako igerilekuko instalazioen koordinazioa eta erabakimenak izateagatik. Hortik aurrera, enpresak bere gain hartzen zituen egon zitezkeen gastuak eta abonuen eta sarreren etekinak jasotzen zituen.
Kudeaketa sistema berriarekin Udalak bere gain hartu du kirol instalazioen ardura osoa, nahiz eta zerbitzuak eskaintzeko kanpoko enpresa baten laguntza izango duen. Gestio berriaren eredu moduan, “azken hilabetean kirol ekipamendu eta materiala berritzeko 10.000 euro” bideratu direla adierazi du Dani Palacios Kirol arloko zinegotziak.
Bi urteko azterketa
Bi urte inguruz aritu dira udal arduradunak kudeaketa aldaketa bat aztertzen, eta bertan kontuan hartu dira gastuaren balizko igoera bat eta elorriarrentzat sorrarazi ditzazkeen hobekuntzak.
Aldaketaren helburua “Udala izatea, eta ez enpresa bat, egunerokotasunean instalazio horien ardura daukana” izan da, Palaciosen arabera. Aldaketa horrekin “zerbitzu hobeago bat eskaini ahal izango diegu erabiltzaileei”.
Sistema berria “gure norabidearen adibide garbia da” Palaciosen arabera. Gainera, “Kirola eta Gazteria arloak koordinatuko dituen teknikaria izateak elorriarrentzat kirol jarduera gehiago antolatzera lagunduko gaitu”, tarteko ‘Elorrio Osasuntsua’ ekimenean egingo direnak.
Aldaketa honek oraindik ez du eragin zuzenik izan erabiltzaileengan, ez baita aldaketa esanguratsurik izan 2018-2019 ikastarorako eskainitako ikastaroetan edo tarifetan, izan ere, “erabiltzaileek jarraipen bat nahi izan dute aurtengo ikasturtea bukatu arte”, zinegotziaren ustetan.
Sistema berriak martxa hartu eta egonkortzen denean “zerbitzuaren kalitatea hobetzen saiatuko gara, eta horretarako, lehenik eta behin, instalazioen funtzionamendu osoa ezagutu eta datuak sakonean aztertuko ditugu”, Palaciosen esanetan. Ondoren, “guztion artean erabakirik egokienak hartzen saiatuko gara”, gaineratu du.
Ez dut ondo ulertzen. Kudeaketa Udalak hartu du, baina enpresa bat kontratatu duela dio. Zalantza hau sortzen zait, kexak, iradokizunak eta bestelakoak nori egin behar dizkiot? Eta zergatik ez du kudeaketa Udalak hartu eta langileak kontratatu, dagozkien jornalak ordaindu, … Kiroldegiko langileak beti batzuk badira, non ikusiko dugu aldea? Desmotibatuta zegoena, orain motibatuta egongo da? Ez dakit ba zer esan. Motibazioa hobetzeko ez da nahikoa enpresaz aldatzea beste guztiak berdin jarraitzen badu edo okerrago badoa.
Eta auzotaxiko txartel bat egiten hiru hilabete baino gehiago behar…proiektu txikiek ez dute garrantzirik?
AUPA! Holan bai! Pausoka herri hobeago bat eraikitzen!