
Herrian burututako azken ekintza bandalikoak “nerabe talde batek egindako ekintzak” direlakoaren susmoa du Elorrioko Udalak eta, hori dela eta, “adin tarte horretan lanketa berezia egiteko asmoa” agertu dute herriko agintariek.
Urte berria hasi denetik, ondare publikoaren eta herritarren segurtasunaren kontrako hainbat ekintza bandaliko gertatu dira herrian. Ezezagunek lurrera bota dituzte hainbat kale-argi eta San Josen dagoen jolas-guneko hainbat elementu erre dituzte.
Horrek baino ekintza larriagoak ere salatu ditu Udalak. Izan ere, Zenitako 18. Zenbakiaren parean dagoen kurban, olioa jaurti eta ura bota zuten gainetik, “olioa izoztu zedin eta auto-istripuren bat eragin edo paseatzen zebilen oinezkoren bat jauzi zedin”, Udal arduradunen arabera.
Ibarra auzoko zubi berrian berriz, errepidearen alde batetik bestera zihoan kable bat jarri zuten ezezagunek.
Eraso bandaliko hauek “ondasunari kalteak eragiteaz gain, istripu larriren bat suerta zitekeen” Idoia Buruaga alkatearen esanetan. “Zorionez, ez da kalte pertsonalik egon eta esan nahi dugu, zalantzarik gabe, horrelakoak ekiditea dela gure helburua”, gaineratu du.
Gaitzespena
Gertatutako ekintzak gaitzesteaz gain, Elorrioko Udaleko Gobernu Taldeak gai horri helduko diola adierazi du. “Onartezina deritzogu herrian horrelako ekintzak egitea, guztionganako errespetu falta itzela baitira”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Gainera
Horrelako ekintzak eragiten duten kalte ekonomikoez haratago, “ekintza hauen ondorioz gerta zitezkeen kalte pertsonalak dira benetan kezkatzen gaituztenak”, gehitu du Buruagak.
Burututako ekintzen atzean “nerabe talde bat izan daitekeenaren susmoa” agertu dute Gobernu Taldeko kideak, eta “gaia serio aztertzen” ari direla adierazi du Buruagak. Gainera, lanketa berezia egingo du Udalak “hurrengo asteetan adin-tarte horretan, etorkizunean horrelakoak ekiditeko asmoz”.