
“Elorriarren artean dagoen aniztasun kultura balioan jarri eta bultzatzeko” asmoa duen jaialdia antolatu du Udalak eguenerako. Arriola Antzokian arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldian Elorriora etorritakoen testigantzak, antzerkiarekin, marrazkigintzarekin edo zuzeneko musikarekin uztartuko dira.
“Kontran ez dut ezer, baina…” lelopean burutuko den ekitaldiarekin, “zenbait herritarren artean egon daitezkeen hainbat aurreiritziri aurre egin” nahi die Udalak. Horretarako, azken bi urteetan bildutako hainbat ondorio plazaratuko dira jaialdian.
Izan ere, bi urte hauetan elorriar berrien eta urte gehixeago daramatzaten elorriarren artean zer-nolako harremana dagoen aztertu du Udalak. 2017an elorriar berrien iritziak bildu ziren elkarrizketa eta foro ezberdinen bitartez eta emaitzak iaz Arriolan izandako ekitaldian aurkeztu ziren.
2018an, berriz, Elorrion jaio edo duela 40 urte baino gehiago etorri zirenak elkarrizketatu zituzten. “Garai batean mundutik Elorriora etorri ziren bezala, joan ginen garai batean Elorriotik mundura. Nork daki, aurrerantzean etorriko diren edo joan beharko dugun. Beharbada, biak izango dira”, adierazi du Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotziak.
Bi diagnosien aurkezpena egin ostean, herrian ezarrita dauden hainbat aurreiritzi nabarmenduko dira ekitaldian. Horretarako, antzerkia, marrazkigintza edota zuzeneko musika izango dira bidelagun.