
Igor Elortza eta Unai Iturriaga durangarrek idatzitako antzezlan batek irabazi du berriro ere Donostia Antzerki Saria. Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Painek sortutako ‘Francoren bilobari gutuna’ izan da epaimahaikideen ustetan aurten euskaraz ekoiztutako ikuskizun onena.
Elortza eta Iturriaga buru belarri murgildu ziren ekoizpen prozesuan “hasiera-hasieratik”, ikuskizuna “antzezleek landutako inprobisazioetatik” idatzi baitzuten, Iturriagak aitortu zuenez.
Luhuson 2016ko urrian estreinatutako antzezlana “gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da”. Ikuskizuna Euskal Herriko hainbat antzokitan antzeztu da, Durangon, Otxandion, Berrizen, Zornotzan eta Elorrion tarteko.
‘Francoren bilobari gutuna’ sortu duten konpainiek martxoaren 27an jasoko dute saria, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean hain zuzen, Victoria Eugenia antzokian egingo duten agerraldiaren ostean.
Ekitaldi horretan Iñigo Manterolaren eskultura bat eta 10.000 euroko diru-saria jasoko dute konpainiek eta 2019. urtea orduko beste antzezlan bat prestatzen badute beste 2.000 euro eskuratuko dituzte.
Honako hau ez da Elortza eta Iturriagaren testu batek irabazten duen lehenengo Donostia Antzerki Saria. 2011n, durangar biek idatzitako ‘Errautsak’ antzezlanak eskuratu zuen saria eta, orduan ere, Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiek egin zuten ikuskizunaren ekoizpena.