Abadiñoko Udaleko Berdintasun sailak emakume baserritarraren historiari buruzko ‘Erroa eta geroa’ dokumentalaren emanaldia antolatu du biharko, hilak 27. Errota Kultur Etxean ikusgai jarriko den ikus-entzunezkoa 18:00etan hasiko da eta emanaldiaren ostean solasaldi bat egongo da.
Ekimen honek “emakume baserritarren lana” ezagutarazi eta sustatu nahi du Rosa Maria Miguel Perez Berdintasun eta Aniztasun zinegotziaren esanetan. Emanaldia osatzeko, baserri munduan emakumeek egiten duten lanari buruzko erakusketa bat jarriko da Matiena eta Zelaietako kaleetan, urtarrilaren 29tik otsailaren 8ra bitartean.
Prestatutako ekitaldien bidez ”belaunaldi berrientzat erreferente bat” sortzeaz gain gazteen interesa piztu nahi dute “lurrari eta naturaren zikloei lotutako bizitzari buruz”.
Eguazteneko emanaldira gerturatu nahi duenak gonbidapena jaso behar du Errota Kultur Etxean edo Txanportan.