
Gerra zibil garaian Elorrio, Elgeta eta Eibarko zenbait emakumek bizi izandakoak jaso, ikertu eta bildu ondoren, testu eta komikiekin osatutako ‘Emakumeon Memoria 1937, Intxortatik Artxandara’ liburua argitaratu du Aiert Zubigarai ‘3izkai’ sortzaile elorriarrak, Laumunarrieta 1937 elkartearen zein beste hainbat erakunderen laguntzarekin.
-Zein da liburuaren helburu nagusia?
-Batez be, emakumeen memoria berpiztea, gogoraraztea eta gerra garaian zer gertatu zen aditzera ematea, gure gizarteak kontzientzia hartzeko helburuarekin, halakorik berriro gertatu ez dadin. Eta batez be, garai hartako emakumeek bizitakoa gaur egunera ekartzea, zeren gerra garaiko kontuak beti ikusi dira militarren eta gizonezkoen ikuspegitik.
-Liburua denbora epe zehatz baten kokatzen da, ezta?
-Kasu honetan aztertzen dena 1937an hasitako ‘Ofensiva del norte’ren ondorengoak dira. Intxortako fronteak 10 hilabete iraun zuen eta jausi ostean, faxistak Elorrion sartu ziren eta ondoren Elgeta, Eibar… jausi ziren. Azkenean Bilbon sartu ziren. Elorriok, Elgetak eta Eibarrek kapitulu bana dute liburuan eta herri bakoitzean neska edo andra bat da protagonista nagusia. Protagonista hau fikziozkoa izango da baina, beti ere, benetako emakumeen bizipenetan oinarrituta dago.
Durango, Zornotza…
-Beraz, pertsonaiak nahiko errealistak izango dira.
-Asmo nagusia emakumeek gerra garaian izan zuten papera gizarteari helaraztea izan da. Zeharkako gidoiak egiten saiatu gara, biktimismoan edo heroismoan erori barik. Hala ere, Elgetari eskainitako kapituluan biktimismo puntu bat azaltzen da, gauzak horrela gertatu zirelako. Eta Eibarkoan berriz, epopeia moduko bat agertuko duen heroina antzekoa izango da protagonista.
-Historian oinarritutako istorioak dira?
-Datuak jaso ditugu baina asmo nagusia gertatutakoa orokortzea izan da, pertsona bakar batek kontatutakoa islatu beharrean, eta bizipen desberdinekin ikuspegi orokor bat osatu dugu. Horregatik, kontaketa pertsona desberdinei gertatutakoarekin hasten da eta ondoren flash-back bat egiten dugu 1937ko historiarekin jarraitzeko.
-Liburuak ‘Intxortatik Artxandara’ du azpititulutzat baina hiru herriko pasarteak islatzen ditu.
-Kaleratu dugun lana 2022an argitaratu nahi dugun komiki liburuaren aurrerapena da. Izan ere, guztiz amaituta dagoen komikia Elgetari dagokio eta Elorriokoa zein Eibarkoa osatu egin behar dira. Gainera, behin betiko lanean Durangon, Zornotzan, Larrabetzun, Basaurin eta beste herri batzuetan gertatutakoak komikien bidez islatuko dira.
-Herri bakoitzari eskainitako komikia herri horretako euskaran idatzita dago.
-Bai, komikietan tokian tokiko hitanoa errespetatu dugu. Baina liburuaren kontrazalean jarri ditugun QR kodeen bitartez euskara batuaz edo gaztelaniaz irakurtzeko aukera ematen da.
Dudarik gabeko irakurtzeko liburu.
Gerratean eta gerra pasa ondoren emakumek izan zuten ekimena ezagutu eta zabaldu behar da.
Zorritxarrez sarritan historia eta etxeko isiltasunean lurperatuta geratu da.