Abadiñoko Udalak Emakumeentzako Jabekuntza ikastaroan izena emateko epea zabaldu du. Programa 2006an martxan jarri zen lehenengo aldiz, eta adin guztietako emakumeei zuzenduta dago. Emakume izateak dakarren guztiaz jabetu eta eragiten dieten gaien inguruan hausnar dezatela da ikastaroaren helburua.
Berdintasun sailak antolatuta, 2009-2010 ikasturtean 22 emakumek hartu zuten parte Eskarne Larrinaga irakasleak emandako jabekuntza tailer honetan. Partaideak emakume izatearen garrantziaz ohartarazteaz gain, ikastaroak udalerriko bizilagunen arteko topagune izan nahi du. Horrela, sailaren arduradunen hitzetan, ???emakumeez osatutako sare sozial baten sorrera sustatzen da, Abadiñoko emakumeek udalerrian antolatzen diren jardueretan parte har dezaten???.
Jabekuntza tailerreko saioak arratsaldeko seietatik zortziak eta erdietara izango dira, Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Inskripzioak 15 euroko prezio sinbolikoa du herriko bizilagunentzat, eta 25 eurokoa, beste udalerri batzuetan erroldatutako emakumeentzat. Emakumeek ikastaro osoan zehar izen eman dezakete, eta tailerra urriaren 7an hasiko da.
Saioek iraun bitartean, haurtzaindegi zerbitzua emango du udalak bertaratutakoen seme-alabentzat, hala behar balute.