
Mallabiko Udal pilotalekuak eta eskolako frontoiak emakumezkoen binakako eta banakako frontenis txapelketak hartuko dituzte zapatuan eta domekan, hurrenez hurren.
A.D. Mallabia F.T.k Udalarekin elkarlanean antolatutako txapelketak zapatuan hasiko dira. 13:30etik aurrera, binakako txapelketa izango da udal pilotalekuan, eta bertan, lehenik, Euskadiko egoiliar federatu gabekoentzako eskualde-fasea jokatuko da.
Txapelketa irabazten duen bikoteak txapelak eta 300 euro eskuratuko ditu; txapeldunordeak garaikurrak eta 200 euroko sariak jasoko ditu; eta hirugarren bikoteak garaikurrak eta 100 euro irabaziko ditu.
Domekan berriz, goizeko 9:00etatik aurrera, banakako txapelketa jokatuko da eskolako frontoian. Sail honetako irabazleak txapela eta 150 euro jasoko ditu eta txapeldunordeak garaikurra eta 100 euro izango ditu.