Ohiko egoeran Elorrioko Txintxirri Ikastolako ikasle, irakasle, guraso eta laguntzaileek buru belarri izango ziren lanean domekan ‘Hel horri’ goiburuarekin egin behar zen 2020ko Ibilaldia ospatzeko. Baina osasun-larrialdia dela eta urriaren 18ra atzeratu da urtero egiten den Bizkaiko Ikastolen jai nagusia.
Antolatzaileek, hala ere, “gizarteari zor diogun erantzuna emateko ahalegin berezia” egingo dutela diote eta horrekin batera, “Ibilaldiak hasieratik definitu dituen helburuak” bete nahi dituztela ere. Baina “arduraz eta erantzukizunez” jokatuko dutenez, Ibilaldia ”baldintza seguruetan” nahi dute egitea, “sormena landuz eta elkarlanean”.
Hala ere, maiatzaren 31 “gure egutegian egun berezia” delako, aukeratutako leloak adierazten duenari jarraituz #helIbilaldiari, #helegunari, #helhorri proposatzen dute eta egun horretarako prestatutako ekitaldi bereziari “indarrez eta gogoz” heltzeko gonbidapena luzatu dute.
Eguneko ekitaldiak “Ibilaldiko web gunearen bidez jarraitu ahal izango den saio berezia” osatuko dute. Goizeko 11:00etatik aurrera bertsoak, musika, magia, dantza eta bestelako ikuskizunak izango dira ikusgai, bi ordu iraungo duen emanaldian.
Ikuskizunetan ikastolako guraso, ikasle, langile eta irakasleek parte hartzen dute. “Beste ikastoletako ikasleak ere animatu dira beraien ekarpenak bidaltzen eta arte eta ikuskizunen munduko lagun asko ere” agertuko direla azpimarratu dute antolatzaileek.