Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Eñaut Aiartzaguena irudigile iurretarrak idatzitako ‘Akuarelak aire zabalean’ liburua argitaratu du. Lan horretan akuarela-pinturaren teknikari buruzko azalpenak eta adibide praktikoak ematen dira.
“Marrazkilari eta ilustratzaile profesional gisa sei bat urtez jardun ondoren, akuarela teknikara gerturatzeko harra sortu zitzaidan”, aitortzen du Aiartzaguenak. Bere burua “marrazkilaria eta mendizalea” definitzen duen artistak, aire zabalean margotzen aritzeko beharrezko ezagutzak laburbiltzen ditu.
Euskaraz idatzi duen obra horren bidez “arte plastikoekin gozatzera” ” animatu nahi ditu haurrak zein helduak, etxean nahiz kalean.
“Akuarela teknika zailtzat hartu izan da sarri eta egia esan niri ere eman izan dit buruko minik”, aitortzen du Aiartzaguenak liburuaren sarreran. Izan ere, “ura da teknika honen oinarria eta ura kontrolatzea sekula ez da erraza izan. Hala ere uraren portaera uler dezakegu eta haren jokaerak gure probetxurako erabiltzen saiatu”.
Aiartzaguena Arte Ederretan lizentziatua da eta irudigile izateaz gain komikigintza, proiektu pedagogikoak eta akuarela-ilustrazioak lantzen ditu. Bere lanak, Xapoketan karta-jokoan, Hizki Pizti, Hik hasi, Aizu edo Txikipedia bezalako argitalpenetan daude ikusgai.