Bigarren urtez jarraian, mañariarrek eta inguruko herritarrek ez dute ospatuko Mañarian Andra Mari jairik, koronabirusaren izurritea dela eta. Hala ere, Udalak bestelako ekitaldiak prestatu ditu Kultur Sasoia egitarauan.
Iragarritako ekitaldiak gaur eta bihar izango dira eta gaur goizerako umeentzako bizikleta ginkana prestatu dute. 11:30ean hasiko den ekimen horretarako partaide bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman behar ditu.
Eguneko ekitaldi azpimarragarriena gaueko 22:00etan Eñaut Elorrieta musikariak eskainiko duen kontzertua izango da. Ken Zazpi taldearekin ibilbide oparoa egin ondoren 2019an ‘Irteera argiak’ bakarkako lana argitaratu zuen eta 2020an berriz, ‘Harbide zilar bat’ abestia argitaratu zuen Sapere Aude Sinfonietta eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean.
Agerraldi horretarako gonbidapen guztiak agortuta daude.
Kultura Sasoiak jarraipena izango du domekan. 11:00etako mezaren ostean herriko dantzarien ekitaldia egongo da eta 12:30ean herriko umeen pilota partiduak eta Bizkaiko afizionatuen norgehiagoka egongo da, azken honetan Artaraz eta Bernaolak Ariznabarreta eta Artolarekin neurtuko dituzte indarrak.
Arratsaldeko 18:30ean Haatik Dantza Konpainiak sortutako ‘Errimak bi oinetan’ ikuskizuna izango da ikusgai. Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga eta Nagore Zabala dantzariek eskainiko duten agerraldiak, jarraipena ematen dio aldez aurretik sortutako ‘Errimak oinetan’ ikuskizunari. Formatu beraz baliatuta, gai, bertso eta dantza berriez osatutako proposamena eskaintzen dute garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatuta.