
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa jokatu zen atzo Berriatuan eta ekitaldian eskualdeko partaiderik egon ez arren, Eneko Abasolo ‘Abarkas’en sailkatzea ekarri zuen. Beraz, eskualdeko bost bertsolari izango dira finalaurrekoetan, euren kanporaketak irabazitako Txaber Altube eta Aitor Bizkarra zein 2016ko finalean izandako Miren Amuriza eta Unai Ugartetxea, hain zuzen.
Azaroko azken bi domeketan eta abenduko lehenengoan jokatuko diren finalaurrekoetarako txartela lortu zuen ‘Abarkas’ek ere. Iurretakoak Santurtzin jokatu zen bigarren kanporaketan kantatu zuen eta saio horretan Malen Amenabarren atzetik sailkatu zen, 460 punturekin.
Saioetako irabazleei dagozkien zuzeneko txartela lortu ez zuenez, kanporaketa guztiak amaitu arte itxaron behar izan du iurretarrak, baina Santurtziko saioan lortutako puntuek aurrera egiteko aukera eman diote.
‘Abarkas’ekin batera Abadiñoko bi bertsolari egongo dira egongo dira finalaurrekoetan: Amorebieta-Etxanoko kanporaketa irabazi zuen Txaber Altube eta Plantzian onena izan zen Aitor Bizkarra. Miren Amurizak eta Beñat Ugartetxeak berriz, zuzeneko txartela lortu zuten 2016ko finalistak izan zirelako.
Miren Amuriza, Berrizen
Finalaurrekoen lehenengo saioa azaroaren 18an, arratsaldeko 17:00etan, jokatuko da Berrizko pilotalekuan. Saio horretan Miren Amuriza berriztarrak eta Aitor Bizkarrak kantatuko dute eta seikotea osatuko dutenak Imanol Uria, Julen Erezuma, Unai Mendiburu eta Xabat Galletebeitia izango dira.
Bigarren finalaurrekoa Igorren jokatuko da azaroaren 25ean eta bertan Beñat Ugartetxea eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ekin batera lau emakume izango dira; Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartza eta Onintza Enbeita.
Abenduaren 1ean jokatuko da Lekeition azken kanporaketa eta Txaber Altube izango da agertokian egongo den eskualdeko partaide bakarra. Berarekin batera, 2016an txapela jantzi zuen Etxahun Lekuez gain Ander Elortegi, Arrate Illaro, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Jone Uria lehiatuko dira.
Berriz, Igorre eta Lekeitioko irabazleek Bilbao Arenan jokatuko den finalerako txartela lortuko dute. Miribillako kiroldegian egongo diren beste bost bertsolariak, hiru finalaurrekoetan puntu gehienak eskuratu dituzten lehiakideak izango dira.