
2018ko Hitzez eta Ahotsez agurtuko duen bosgarren irakurraldia heldu aurretik, literatur ekimen horrek edizio honetan tartekatutako berrikuntzaren txanda izango da barikuan. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, helduentzako ‘Oi, Lur!’ ipuin kontaketa saioa egongo da Bizenta Mogel liburutegian Eneko Haritzaren eskutik.
Ekitaldiko protagonista istorioekin, hizkuntzarekin eta ahotsarekin baliatzen da eta, hitzaren jolasen bidez, arreta piztu eta irudiak esanaz ipuinari bizia ematen dio. Gainera, erritmoz eta doinuz kontuak ‘kantatzen’ ditu.
2018ko Hitzez eta Ahotsen azken aurreko ekitaldia Bizenta Mogel liburutegiarekin elkarlanean antolatuta dago eta barikuko saioak edizio honetarako aukeratutako gaiari eutsiko dio, Lurrari alegia. Haritzak eskainiko duen ikuskizunaren ardatza lurra eta natura izango dira.
‘Oi, Lur!’ ikuskizuna azaltzeko erreka eta ibaietan distiraz doan ur gardena aipatzen du Haritzak. Horrez gain “haizeak belardietako loreei leunki putz egiten die. Lore lurrintsuak gure ahizpak dira; oreina, zaldia eta arrano handia gure anaiak dira. Burkaitz garaiak, ordoki leunak, moxalaren gorputz suharra, denak sendi berekoak gara. Dena estuki lotuta dago, familia bat lotzen duen odola bezala. Lurra gure ama da”.
Bestalde, aurtengo Hitzez eta Ahotsez ekimenari amaiera emango dion irakurraldia maiatzaren 4an izango da Plateruena Kafe Antzokian eta ekitaldian 300 literatura zale inguru bilduko dira.