Energia berriztagarriei buruz Iurretako Udal Gobernuak onartutako hobariak “itxurakeria” dela salatu du EH Bilduk. Udalbatzan onartu ziren ordenantza fiskalak “zergetan hobari eskas batzuk izatea” jasotzen dute, koalizioaren esanetan.
“Energia berriztagarriak direla eta, estrategia bat diseinatzeko” eskaintza egin diotela Udal Gobernuari diote koalizioko zinegotziek. Proposamen horrek, “epe labur, ertain zein luzera eman beharreko pausuak eta hartu beharreko konpromezuak” zehazteko aukera zekarren.
“Udalak benetan eguzki plaken instalakuntza sustatzea nahi badu, eredua ematen hastea luke eman beharreko lehenengo pausuetako bat”. Horretarako, beharrezkoa litzake “udal eraikinen teilatuak eguzki plakekin bete eta energia komunitateak bultzatuz” koalizioaren arabera.