
Abadiñoko Udalgintza Herrigilea dinamikak ‘Energia’ri buruzko hitzaldia antolatu du biharko, hilak 14 (18:30an), kontuan hartuta “Abadiñon 300 familiatik gora” daudela beraien etxea “tenperatura egokian mantendu ezin dutenak”.
Zelaietako Txanporta kultur etxean izango den solasaldia Mikel Urrutia EH Bilduko zinegotziak dinamizatuko du, eta hizlariak Eider Murgoitio Goiener kooperatibako kidea eta Karmel Zuazo Elorrioko Energia Komunitateko kidea izango dira.
Murgoitiok faktura ulertzeko eta aurrezteko gomendioak emango ditu, eta horregatik, bertaratzen diren herritarrei euren faktura eramatea gomendatzen zaie. Zuazok berriz, energia propioa sortzeko aukerak, autokonsumoa eta energia komunitateak izango ditu hizpide.
Ekimen hau antolatzerakoan, kontuan izan dute energiaren prezioa eta inflazioa ez direla jaisten, eta “geroz eta nabariagoa den larrialdi klimatiko” bat dagoela. Gainera, “badakigu, energiaren gaiak aldaketa sakonak eta estrukturalak behar dituela, baina pertsona bakoitzak, herritar bakoitzak ere badaukagu aukera egoera hobetzeko”, Udalgintza Herrigilea dinamikako kideen esanetan.
Horregatik, eskainiko diren gomendioekin “elektrizitatearen eta gasaren faktura ulertu, eta aurrezteko gai izan gaitezke, eta norberaren energia berriztagarria sortzeko aukera posible dela ikusiko dugu”.