
16 urte eginda dituzten atxondarrek eta otxandiarrek domeka honetan egingo diren herri galdeketetan parte hartzera deituta daude. Atxondoko eta Otxandioko Gure Esku Dago ekimenak deituriko bozketetan, 2300 herritar inguruk erabakitzeari buruzko botoa emateko aukera izango dute.
Atxondon egingo den herri galdeketara 16 urte beteta dituzten 1199 herritar deituta daude. Bi hautesleku egongo dira, bata Apatamonasterioko plazan eta bestea Axpekoan. Hautestontzietan botoak emateko aukera goizeko 9:00etan hasiko da eta gaueko 20:00etan amaituko da.
Botoa ematera gerturatzen diren herritarrek galdera bakar bati erantzun beharko diote, baiezko edo ezezko laukitxoan marka jarriz: “Euskal Herri independiente bateko herritarra izan nahi duzu? (¿Desea ser ciudadano/a de una Euskal Herria independiente?).
Domekan herrian egongo ez diren atxondarrek, edo aldez aurretiko botoa eman nahi dutenek, gaur eta bihar bozkatu ahal izango dute Gure Esku Dagok Jose Antonio Agirre eta Lekube etorbidean duen lokalean. Bertan botoa emateko ordutegia arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango da.
Otxandion berriz, hainbat herritarrek baliatu dute dagoeneko bozkatzeko eskubidea, urriaren 22a Mekoletako plazan eta 28a Otxandioko plazan aldez aurreko botoa emateko egunak izan zirelako. Domekan herriko plazan jarriko diren hautestontziak, goizeko 9:00etatik gaueko 20:00ak arte egongo dira irekita.
16 urtetik gorako 1100 otxandiarrek erantzun behar duten galdera hau da: ‘Gure dozu euskal errepublika burujabe bateko herritarra izan? (¿Quieres ser ciudadano/a de una república vasca soberana?)’.
Atxondon zein Otxandion bozkatu nahi duten herritarrek Nortasun Agiri Nazionala (NAN), Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA), pasaportea, gidabaimena edo baliogarria den dokumentua aurkeztu beharko dute.
Eskualdeko bi herrietan egingo diren bozketak, maiatzaren 7an Durangaldeko zenbait herritan (Abadiño, Durango, Elorrio, Zaldibar eta Zornotza) egindakoen ondoren datoz.
Atxondo eta Otxandioko herritarrak ez dira izango domekan bozkatzera deitutako bakarrak, guztira Bizkaiko eta Gipuzkoako 160.000 pertsona inguru botoa emateko deituta daudelako. Bizkaiko Areatza, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu eta Leioa herrietako boto-emaileez gain, Gipuzkoako Andoain eta Beizamakoek ere bozkatzeko aukera izango dute.