Elorrioko Erdella Mendizale Taldeak Elorrioko Bira ospatuko du bihar, ohikoa denez, luzera desberdineko bi ibilbiderekin, bata 32,21 kilometrokoa eta bestea 15,34 kilometrokoa. Ibilbide luzea aukeratzen dutenek goizeko 7.30ean abiatuko dira eta laburra egin nahi dutenek 9.00etan.
Ibilbide luzea aukeratzen dutenek Elorrioko plazatik abiatuko dira eta Memaia (679 metro), Atxaurrutxagane (979) eta Udalaitz (1.117) mendi tontor gaina gainditu beharko dituzte lehenik. Ondoren, Kanpanzar, Intxorta (737), Erdella (683), San Lorentzo, Berriozabaleta eta San Agustin Etxebarria zeharkatuko dituzte, berriro Herriko plazara heldu aurretik.
Ibilbide laburra ere Herriko plazatik abiatuko da eta Aldape, Erdella eta San Lorentzo zeharkatu ondoren, mendizaleak Berriozabaletara gerturatuko dira eta amaiera Herriko plazan izango dute.
Biran parte hartzea nahi dutenek www.erdellamt.com webgunean eman dezakete izena.