
Gerediagaren 50. urteurrena ospatzeko egitarauaren barne, udazkena arte herriz-herri ibiliko den argazki zaharren erakusketa ibiltaria antolatu da. ‘Zuri-beltzean klik’ deituriko ekimen honen bidez, Durangaldeko 300dik gora argazki izango dira ikusgai.
Eskualdeko herrietara eramango den erakusketa Ermun abiatu da, herri horretan ospatzen ari den XXIII. Euskal Liburu eta Disko Azokarekin bat eginez. ‘Zuri-beltzean klik’ ekimena herriko liburutegian izango da ikusgai maiatzaren 22a arte.
Gerediaga elkartearen jardueran “argazkigintzak leku garrantzitsua izan du”, ekimen honen arduradunen esanetan. Bere ibilbidean argazki bildumak batu eta kontserbatzaz gain “erakusketak antolatu ditugu, edo eskualdeko argazkilariei buruz zein herrietako argazkiekin liburuxka monografikoak argitaratu ditugu”, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean.
‘Zuri-beltzean klik’ erakusketaren bidez argazkilariek egindako lana aitortu eta eskertu nahi dute Gerediagakoek eta, era berean, “euren argazkiak utziz proiektu ezberdinetan parte hartu duten artxibo pribatu eta publikoak ere eskertu nahi ditugu”.
Argazki bilketa
Erakusketa ibiltaria hau dela eta, Gerediagakoek argazki zaharrak biltzeari ekingo diote. Elkarteari utzitako argazki guztiak digitalizatu egingo dira Gerediagaren artxiboan kopia bat gordetzeko. Irudien jabeek berriz, originalez gain argazki bakoitzaren kopia digital bat jasoko dute.
‘Zuri-beltzean klik’ erakusketa ibiltariaren datak:
- Maiatzak 7-22: Ermuko liburutegian
- Maiatzak 22-29: Mallabiko liburutegian
- Maiatzak 29-Ekainak 12: Zaldibarko udaletxean
- Ekainak 12-15: Urkiolan
- Ekainaren 15-22: Otxandioko udaletxean
- Ekainak 22-uztailak 6: Berrizko udaletxean
- Uztailak 6-20: Iurretako Kultur Etxean
- Uda ostean: Elorrion, Abadiñon eta Durangon