2020ko Bizkargi Eguna bertan behera utzi arren etxeko balkoietan ikurriñak jartzea eskatu zuen ekimen hori antolatzen zuen Zornotzako Bizkargi Gogoratuz Elkarteak. Aurten, Ernai erakundeak hartu du lekukoa eta mendi tontorrean egingo den ‘Gazteok memoriaren harira’ ekimena prestatu du domekarako.
Eguneko ekitaldiak lau herritatik Bizkargi gainera abiatuko diren igoerekin hasiko dira. Zornotzatik irtengo den ibilaldia goizeko 9:00etan abiatuko da Erreferendum plazatik eta Larrabetzutik zein Gernikatik 10:00etarako jarri dute hitzordua. Mungiatik berriz, 9:15etan irtengo dira.
Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzaileak prestatutako egitaraua eguerdian hasiko da ‘Memoria dugu arnas’ belaunaldien arteko mahainguruarekin eta 13:30ean egingo den ekitaldiarekin.
14:30ean bazkari herrikoia egingo dute bakoitzak bere etxetik eramandakoarekin eta jarraian bertso saioa egongo da. 16:30ean kantaldia hasiko da eta 18:00etan bakoitza bere herrira itzultzeko jaitsiera abiatuko da.