
Garaiko jeltzaleek legegintzaldi honetan herriko EAJ-PNV udal taldeko bozeramailea den Erramun Osa Ibarloza aukeratu dute alkategaia datorren urteko udal hauteskundeetarako. EAJko hautagaiak agendan markatu ditu dagoeneko hurrengo legegintzaldirako zenbait ekimen eta helburu, udalerriko bizilagunen bizi-kalitatean eta ongizatean positiboki eragingo dutenak.
Legegintzaldi honetan “Udalbatza osatzen dugun bi taldeok ahalegina egin dugu erreparoak gainditzeko, desberdintasunak alde batera uzteko eta gure bizilagunen bizitza hobetzeko lagungarriak diren oinarrizko proiektuetan adostasunak lortzeko”, Osaren hitzetan.
Proiektuak eta ideiak
Izan ere, “Garaiko EAJ-PNVk gure herriaren bilakaerarako proiektu eta ideiak partekatu ditu. Guztion artean udalerrian dauden azpiegiturak hobetu ditugu: obrak kanposantuan, pilotalekuari etorkizunean erabilera handiagoa emateko eta berau berritzeko proiektua, errepideen egokitzapena, HAPO berri bat egiteko prozesua martxan jartzea eta abar”, azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.
Hurrengo legegintzaldirako zenbait ekimen eta helburu ezarri ditu, udalerriko bizilagunen bizi-kalitatean eta ongizatean positiboki eragingo dutenak. Lehenetsitako egitasmoen artean “alokairuko etxebizitzak edo arrazoizko preziodun etxebizitzak sustatzeko eta baserrietan familia-unitate bakarra baino gehiago bizi ahal izateko erraztasunak” bultzatuko ditu, “herriko gazteak Garain gelditzeko eta beraien bizi-proiektuak bertan garatzeko aukera izan dezaten”.
Adineko pertsonentzako berriz, atseginagoa eta irisgarriagoa den herria lortzen ahaleginduko da, horien partaidetza, balioespena eta osasuna sustatzeko eta zahartze aktiboa bultzatzeko lan eginez.
Ondarea balioetsi
Ingurua mantendu eta zaintzeaz gain, “garrantzitsua da balioa ematea gure kultura-ondareari (interesguneak seinaleztatuz eta errepide eta sarbideak egokituz) eta ondare linguistikoari”, Osaren esanetan.
Honetaz gain, udalerriaren ezaugarriak eta honen konfigurazioa kontuan hartuta, “EAJtik uste dugu garrantzitsua dela elkarteko tokiak eta proiektuak sustatzea, Garain bizi garen pertsonok elkar ezagutu dezagun eta komunitate integratuago baterantz aurrera egiten lagunduko diguten proiektuak partekatu ditzagun. Udalerriaren erdigunetik urrun dauden biztanleguneetako azpiegiturak -errepideak eta abar- hobetu behar ditugu. Guzti hori partaidetzatik eta ahalik eta adostasun handienetik abiatuta garatu nahi dugu”.
Erramun Osaren ibilbidea euskararen sustapen eta normalizazioaren alde lan egiten duten mugimendu eta erakundeekin (nagusiki, AEK, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Euskaltzaindia) lotuta egon da beti.