Azken asteetan pandemiak eragindako osasun egoerak hobera egin duenez eta egunerokotasunera itzultzeko nahiarekin, iaz bertan-behera gelditu zen ospakizuna berreskuratuko dute domekan Elorrion. Antzinako usadioari jarraituz, Errebonbilloen jaia egingo da urriko lehenengo domekan, polbora usaina eta salben danbatekoa herrian barreiatuz.
Berriz ere, Euskal Herriko tradizio adierazgarrienetakoari eutsiko dio elorriar talde batek domeka goizaldean eta arratsaldean. Kapitain baten aginduetara doazen 15 eskopetariak, herriko kaleetan zehar ibiliko dira txistulariek eta atabaleroak ezarritako doinuen erritmora, eta han-hemenka hustuko dituzte euren eskopetak.
Errebonbilloen jaia bi zatitan banatzen da. Goizaldeko ibilaldia goizeko bostetan hasten da Herriko plazan botatako salbekin. Ondoren, Kurutzondon, garai batean San Lazaro ospitalea zegoen inguruan, Santa Ana komentuan, Kurutziagan, Txanbeliko gurutzearen parean zein herriko beste zenbait leku adierazgarrietan botako dituzte salbak. Baita alkateak agindutako tokian eta armosua hartuko duten Tanger taberna aurrean ere.
Prozesioa eta dantza
Arratsaldeko ekitaldia bostak aldera izango da, parrokian errezatuko den arrosarioaren ostean. Eguraldiak lagundu ezkero, elizatiarrek Ama Birjinaren prozesioa egingo dute Errebonbilloek lagunduta, eskopetariek hainbat salba botako dituztela leku jakinetan.
Ibilbidea egin ondoren Herriko plazara itzuliko da konpainia eta, eskopetak utzi ondoren, dantza ekitaldiari ekingo diote. Agerraldia kapitainak eta atzeskuak eskainiko duten Desafioarekin hasiko da eta ondoren, Banan-banakoa dantzatuko dute errebonbillo guztiek. Aurreskuarekin eta Zortzikoarekin herritarrak gonbidatuko dituzte dantzan egitera eta ospakizunari amaiera emango dien Fandangoa eta Arin-arina dantzatzera.
Aurtengo egitaraua, 11:00etatik aurrera jokatuko diren nesken gomazko paletako zirkuituaren partidekin eta 11:30etako mezan Basilikako Koruak eskainiko duen emanaldiarekin osatuko da.