Abadiñoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak herrian garatu nahi duten errepideen egitasmoa salatu du EH Bilduk, talde soberanistaren ustez jokabide horrek “herria etorkizunerako hipotekatuko” lukeelako.
“Muntsaratzeko sarreran zein Zelaietako Aita Kurutzeko ermitan auzoetarako sarbideei irtenbide bat emateko biribilguneak” jartze asmoa dute Udalak eta Aldundiak eta egitasmo horien aldeagertu da alderdi soberanista. Zer egingo den baino larriago ikusten dute azpiegitura horiek “nola egitea nahi den”.
Aldundiarekin hartutako akordioaren arabera “Udalak Muntsaratzeko biribilgunea eta Atxondorainoko errepidea asfaltatzeko 1,2 milioi aurreratuko dizkio Aldundiari! Nork eta guk Abadiñoko Udalak Aldundiari mailegu bat ematen”, kritikatzen du EH Bilduk. Diru kopuru hori “hiru urtetan itzuliko du interesik gabe” Aldundiak, “negozio borobila” eginez.
Egingo diren lan horien “trukean”, Udalak bere gain hartu beharko du Zelaietako kiroldegiko biribilgunetik Atxondoraino doan errepidearen titulartasuna. Hala ere, “errepide baten titulartasuna hartzen denean, Aldundiak errepide hori behar bezala egokitu ondoren uzten dio titular berriari, baina kasu honetan Zelaietako biribilgunea Udalak ordaindu beharko du”, EH Bilduk egindako salaketaren arabera.
Dagoeneko, Abadiñoko Udala Zelaietatik Matienara doan errepidearen titularra da eta jasoko dituen azpiegituren mantentze lanak egiteko dirua “nondik irtengo da?” galdetzen du talde soberanistak.
Bi errepide horien titulartasuna hartzeak, herriko beste bide batzuetan eragina izango lukeela uste du EH Bilduk. “Zertarako hartzen dugu errepideen titulartasuna, ondoren Mendiola edo Irazolako errepideek izan duten itxura tamalgarria duten errepide printzipalak eukiteko?”, galdetzen dute.