‘Hel Horri’ goiburuarekin ospatuko da Elorrion 2020ko Ibilaldia eta ekimen horren harira hainbat ekitaldi antolatu du Txintxirri Ikastolak. Zapatuan, esaterako, ‘Erroa eta geroa’ dokumentala emango da Arriola Antzokian, arratsaldeko 18:30ean hasita.
‘Erroa eta geroa’ dokumentalak emakumeak baserrian historikoki izan duen garrantzia agerian jartzeaz gain, gaur egun belaunaldi berriek baserri munduan hartu dituzten bide ezberdinak aztertzen ditu.
Emakumeak egindako pelikula honetan emakumeak dira protagonista eta iragana eta geroa uztartzen ditu. Iparraldetik Hegoaldera, emakume baserritarrek bere lanaren inguruko hausnarketak, kexak, kritikak eta bizipenak kontatzen dituzte dokumentalak irauten dituen 30 minutuetan zehar.
Sorginatxurrak taldeak ekoiztutako dokumentalean ikerketa, ekintza eta partaidetza bateratzen dira eta berau egiteko bultzada Baserritik Mundura ekimenaren bigarren edizioan jaso zuen.
Proiektuaren egileak Arriola Antzokian egongo dira egindako lana azaltzeko eta hurbiltzen direnen galderak erantzuteko prest.