
Arrazolako Andra Mari eta San Roke jaiei hasiera ofiziala emango dion txopoa altxatzea astelehenean egingo badute ere, bizpahiru ekitaldi prestatu dituzte astebururako. Auzotarrak girotzen hasteko, mus txapelketa hasiko da bihar eta etzi meza, jubilatuen bazkaria eta mus eta briska finalak jokatuko dira.
Astelehenean jaiei hasiera emango dion txopo sartzea iluntzeko 21:00etan egingo dute. Antzerkia eta musikarekin osatuko da eguna, Dikothomia konpainiak eskainiko duen ‘Spazi…O’ ikuskizunarekin eta Luhartz taldeak girotuko duen erromeriarekin, hain zuzen.
Ohiko mezarekin hasiko dira Andra Mari eguneko ospakizunak eta jarraian herriko dantzarien ekitaldia eta porra txapelketari ekingo diote. Arratsaldean, pelota partiduen ostean, Andoni Egaña, Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek girotutako kantu, bertso, pintxo-potea egongo da.
Eguazteneko ospakizunak San Roke baselizaren inguruan egingo dira eta 11:00etako meza ostean paella eta bolo txapelketak hasiko dira. Arratsaldean umeentzako prestatutako denbora-pasak egongo dira eta 18:00etan Partileku elkartearen ‘Messi’, Erleagaren ‘Tiko’, Irazolaren ‘Kaifas’ eta José Javier Baraiazarraren ‘Eto’ astoak bilduko dituen asto-proba hasiko da. Gauean, Dj baten saioa egongo da Makatzetan.
Zo-Zongó taldeak arratsaldean eskainiko duen ‘Reziklator’ umeen jaiarekin abiatuko da egueneko egitaraua. Iluntzean berriz, herri afaria eta Hobaneuke taldeak girotutako erromeria egongo dira. Goizaldean banatuko diren txokolatea eta berakatz zoparekin amaituko dira aurtengo ospakizunak.