
Joan den astean Eusko Jaurlaritzak eskoletako jantokien eredua aldatzeko erabakiaren aurrean Durangaldeko EH Bilduk bere desadostasuna agertu du neurri horrekin, zerbitzu horren ardura ezin delako “guraso elkarteen bizkar utzi”. Hala ere, jantokiak “kudeatzeko eredua aldatzea” beharrezkoa dela uste dute.
Hezkuntza Sailak hartutako erabakiarekin “bere erantzukizunari ihes egiten dio aldebakarreko proposamena eginez” alderdi soberanistaren arabera, “aurrera eramatea ezinezkoa den eredu bat” proposatu duelako.
Izan ere, “Jaurlaritzak ondo daki guraso elkarteetan aritzen diren pertsonak boluntarioak direla eta Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki elkarte horiek ez dutela gaitasun errealik jantokien jardun osoa antolatu eta bideratzeko eta horretarako beharko liratekeen kontratuak egiteko”, EH Bilduren esanetan.
Talde abertzaleak, hala ere, “azken urteetan eskualdeko elikadura burujabetzan urratsak emateko determinazioa hartu du” eta orain arte izandako konpromisoa berresten du. Koalizioaren arabera “jantoki kolektiboak eta bereziki eskola jangelak elikadura burujabetzaren zutabe garrantzitsu bat dira”.
Aipaturiko helburuak lortzeko “Eusko Jaurlaritzaren aurrean inplikazioa eta sistemaren aldaketa” aldarrikatuko dute eta “eskualdean ‘autogestioa’ deitutako sistemarekin saiakera egin nahi duten guraso elkarteekin elkarlanean egoera aztertu eta egon daitezkeen aukerak” jorratuko dituzte.
Ez horixe! Alderdi guztiek maite-maite dituzuen eskola kontzertatuetara bidaliko ditugu jaten gure umeak. Eta bestelako zereginetara ere bai. Denon artean ordaindutako zerbitzu pribatu horietara. Denok zarete igualak. Klase politikoan ez duzue publika gogoko. 2019ko hauteskundeetan ez daukazue nire botorik ez zuek ez beste inork.