Bertokoa eta sasoikoa produktuekin elikatzea aldarrikatzen duen ‘Berton bertokoa’ ekimenak, hitzaldia eskainiko du Atxondoko Eskola Publikoan datorren eguenean, maiatzak 18, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Ekitaldian, Veterinarios sin Fronteras-Justicia Alimentaria Globaleko kidea den Eneko Viñuelak, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako jangelen ikerketen emaitzak emango ditu.
Aurkezpena amaitu ondoren bertoko produktuak dastatu ahal izango dira eta bertaratzen direnek 2 euro ordaindu beharko dituzte. Ekitaldira hainbat ekoizle gerturatuko dira eta euren produktuak non ekoizten dituzten, zelan egiten dituzten eta zein ezaugarri dituzten azalduko dute.
Dastatzean Errotik-ek ekarriko duen behi gazta freskoa eta ondua zein jogurtak; Patxikobasoren zekalezko, garizko eta espeltazko ogiak eta sagar dultzea eta sagar zukua; Idiazabal gazta eta Arrabolaren goxoak, pastelak eta opilak probatzeko aukera egongo da.
Jardunaldia Durangaldeko zenbait eskoletako guraso elkarteak batzen dituen ‘Berton bertokoa’ ekimenak antolatu du, Atxondoko Ikasleen Guraso Elkartearekin eta eskola-jantoki eredu osasuntsuago, hurbilago eta bidezkoa aldarrikatzen duen ‘Gure platera gure aukera’rekin elkarlanean. Parte hartzeko, beharrezkoa da izena eman 685 772468 (Urkiol) telefonoan.
Berton Bertoko ekimenak “eskoletako jantokietan ematen den janariaren kalitateak” arduratutako gurasoek sortutako ekimena da. Horregatik, jakiak prestatzeko sasoiko eta bertoko produktuak kontsumitzeaz gain, janariak eskoletan bertan sukaldatzea eskatzen dute.