
Azken urteetako garapenari eutsiko dio Durangoko Azokaren 57. edizioak. Hasierako urteetan apaletan jartzen ziren liburuak eta diskoak lekua egin diete bestelako materialei ere, eta lehen edizioetako egitarau xumeen ordez gero eta anitzagoa den programazioa eskaintzen du.
Kulturaren Plazak ohiko formatua berreskuratu du, eta Ikasle Goizarekin abiatu zen eguaztenean. Domekara bitartean, Landako Gunea eta Durangon zehar izango diren gainontzeko guneak, gustu guztiak betetzeko eskaintzan izango dute: ikus-entzunezkoak, musika, antzerkia,… Eskualdeko sortzaileek erakusleiho ederra izango dute azken ekoizpenak erakusteko.
San Agustin kultur gunean kokatuko den Szenatokian, eskualdean sortutako edo eskualdeko partaideak dituen ekoizpenen erakustokia izango da. Besteak beste, ‘Lasterketa bat egin txaloka ero moduan’ komedia, ‘Elurzuriren hiru heriotzak’ edo ‘Flamenkito’ ikuskizunak antzeztuko dira, lehena zapatuan eta beste biak domekan.
Lehenengoan, Libe Mendizabal eta Amaia Salazar antzezleek, hutsune erraldoi eta estres postraumatiko batek jota, larrialdietara doan emakume baten istorioa kontatzen dute.
Maider López eta Ander Berrojalbiz musikariek eta Inlavis Etxebarria dantzariak osatzen duten Khontaira taldeak berriz, Elurzuriren sagarrari berriro kosk egitera gonbidatzen du ikuslea, mito zaharrak, sineskeria ilunak eta zorigaitz tragikoak berpiztuz.
Txefo Rodríguezek eta Anduriña Zurutuzak antzezten dute Gorka Gansok Badut Teatrorentzat zuzendutako ‘Flamenkito’ laneko protagonistak. Protagonistak gitarrista eta dantzaria bilakatuko dira, baina beraien handitasun-nahiak bertan behera geldituko dira.
Pole-dance
Szenatokian izango da ere Garazi Abraldes Azkorbebeita dantzaria ‘Hau ere banaiz’ lanarekin. Azokaren azken egunean eskainiko dituen emanaldietan pole-dancerako duen trebetasuna erakutsiko du musikaren laguntzarekin.
Txistuaren doinuak entzungai izango dira zapatuan Jesuitak Ikastetxeko Arrupe aretoan Silboberri Txistu Elkarteak eskainiko duen kontzertuarekin. ‘Txistua XXI. mendean’ programan, Mercedes Zavala madrildar konpositoreak sortutako lanaren estreinaldia eta bestelako piezak tartekatuko dira.
Zugaza zineman eskainiko dira eskualdeko sortzaileen partaidetza izan duten lanak. Markel Onaindiak, Kristina Mardaras eta Justo Alberdirekin batera Iurretako Goiuria ikastolari buruz egindako dokumentala pantailaratuko da domekan.
Bezperan, Paul Urkijok zuzendu eta Eneko Sagardoyren partaidetza duen ‘Irati’ pelikula emango da. Filma VIII. mendean dago kokatuta, eta kristautasunak Europan izan zuen hedapenaz eta sinesmen paganoen desagerpenaz dihardu.
Lara Izagirreren ‘Pelikula baten bila’ ekimenaren aurkezpena ere zapatuan egingo da. Gariza Filmsen egitasmoaren prozesuari buruzko irudi batzuk erakutsiko dira eta ikus-entzuleen feedback-a jaso nahi da proiektua garatzen jarraitzeko.