
2016ko Bizkaiko Eskolartekoaren finala datorren domekan, maiatzak 22, jokatuko da Getxoko Fadura kiroldegiko aretoan eta bertan lehiatuko diren zortzi bertsolarietatik bost eskualdekoak dira.
Domeka goizean izango den finalean, Durangoko Bertso Eskolako kideak diren Bittor eta Txaber Altube, Eneko Barruetabeña eta Gorka Pagonabarragarekin batera Berrizko Bertso Eskolako Iruri Altzerreka izango dira. Ekitaldia osatuko duten bertsolariak Algortako Bertso Eskolako Aritz Landeta eta Unai Mendiburu eta Lilibertso Bertso Eskolako Beñat Bilbao izango dira.
Eskualdeko ordezkariek jokatutako lau kanporaketetatik bi irabazi zituzten, Iruri Altzerreka eta Txaber Altube Elorrion eta Getxon jokatutakoatan garaile izan baitziren, hurrenez hurren. Deustuan eta Bermeon jokatutako beste bi saioetako irabazleak berriz, Landeta eta Mendiburu izan ziren.
Bittor Altube, Eneko Barruetabeña eta Gorka Pagonabarraga eta finala osatuko duen Beñat Bilbaok, puntuazioz lortu zuten finalerako txartela.
Getxoko finala
Getxoko Fadura kiroldegian jokatuko da datorren domekan, maiatzaren 22an, Eskolarteko finala. Saioa, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egun osorako prestatutako egitarauaren baitan jokatuko da.
Eguneko egitaraua goizeko 10.00etan izango den Bertso idatzien finalarekin hasiko da eta 11.30ean Bat-bateko Eskolartekoaren finala jokatuko da. 13.30ean sari-banaketa hasiko da eta ordu bete geroago bazkaria egongo da.
Arratsaldeko 16.00etan Bertso Eskolen tartea abiatuko da eta ondoren Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko faseko azken kanporaketa jokatuko da.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak autobusak antolatu ditu Getxoko finalera joateko eta bidaiarako zen bazkarirako txartelak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude eskuragai.