Busturian eta Zallan jokatuko dira bihar ‘Udabarria Bertsotan’ sailkapen faseko azken bi saioak. Kanporaketetan puntu gehien lortzen dituztenek udazkenean ospatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu ahal izango dute.
Kanporaketa fase honen azken bi saioetan, eskualdeko bost bertsolarik kantatuko dute. Saio biak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira.
Zallako El Longar jauregiko kaperan, Ander Aldazabal zornotzarra, Bittor Altube abadiñarra, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra eta Iruri Altzerreka garaitarra izango dira.
Busturiako kultur etxean berriz, Irune Basagoiti ermuarra jarriko da mikrofonoaren aurrean.
Orain arte jokatu diren sei kanporaketetan eskualdeko bost bertsolari lehiatu dira. Igor Galartza abadiñarra eta Araitz Katarain mallabitarra, Urdulizen eta Durangon kantatu zuten, 176 eta 183 puntu metatuz, hurrenez hurren. Ander Sarriugarte durangarra Diman kantatu zuen, eta 167,5 puntu lortu zituen. Bittor Salterain eta Ander Elorriaga durangarrek Aulestin eta Sopelan izan ziren eta lehenak 134,5 puntu lortu zituen eta bigarrenak 150,5.
Udazkenean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 36 lagunek parte hartuko dute. Kanporaketetan 2018ko finalistek parte hartzeko eskubidea izango dute, baita 2021eko final aurrekoetan lehiatu zirenek ere. Beraz, izena eman dutenen kopuruak baldintzatuko du Udabarrian Bertsotan txapelketatik sailkatuko den bertsolarien kopurua.