
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 200 partaide inguru bilduko dituen ‘Bizkaiko Taldekakoa’ ekimen berritzailea prestatu du udaberrirako. Otsailean zehar abiatu eta ekainaren 3an amaituko den lehiaketa hiru fasetan banatuko da eta bertan eskualdeko bost taldek hartuko dute parte.
Txapelketa honek “bertsolaritzaren ekosistema osoa, eskualdez eskualde, eta etenik barik elikatzeko helburua du” antolatzaileen esanetan, eta bere helburua “bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei beste aukera bat” eskaintzea da.

Bertsolarien partaidetza bultzatzeaz gain, bertso eskolak, talde teknikoak osatzen dituzten gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak indartu nahi dituzte antolatzaileek. Baita zaleak erakarri ere.
Lehen edizio honetan 30 taldetan banatuko 200 parte-hartzailetik gora arituko dira. Izan ere talde bakoitzak, gutxienez, sei partaide izango ditu: hiru bertsolari eta gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile bana.
Abadiño, Zornotza, Durango
Lehen edizio honetan eskualdeko bost talde lehiatuko dira. Durangoko Bratva taldea Asier Rubio, Beñat Molina, Iker Apraiz, Iker Maguregi, Peio Azkarate, Peru Astigarraga eta Xabi Barreñak osatzen dute.

Zornotzako Eta abarrak… Xabier Irakulis, Beñat Romero, Ander Aldazabal, Jon Ander Urkiaga eta Beñat Ugartetxea ditu taldekide.
Iurretako Bertso Taldiek Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Juan Mari Areitio, Justo Alberdi, Kristina Mardaras, Alaitz Areitio, Ander Duñabeitia, Eñaut Aiartzaguena eta Jon Jaiok biltzen ditu.
Abadiñoko Koipelustre´sek Beñat Gaztelurrutia, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Ainhoa Urien, Nerea Azkarate, Kati Simon, Igor Galarza, Garikoitz Sarriugarte, Itsaso Gangoitia eta Ione Narbaiza ditu taldekide.

Eskualdeko bosgarren taldea Berriz eta Garaiko partaidek biltzen ditu eta Tire! izenaren inguruan Miren Amuriza, Garoa Angiozar, Irati Milikua, Oihane Barrutia, Iruri Altzerreka eta Gorka Lazkano bildu dira.
Txapelketa hilabete honetan hasiko da kanporaketa fasearekin. Hasierako saio bakoitzean hiru talde lehiatuko dira eta bakarrak egingo du aurrera. Apirilaren 23an abiatuko da bigarren fasea eta bertan egongo diren hamar taldeak hiru multzotan lehiatuko dira. Hiru irabazleek ekainaren 3an, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera, jokatuko den finalean egongo dira.