Durangaldeko eta Zornotzako herritarrak Nafarroako Mendiaundi, Menditxuri, Lindus eta Argintzu mendi gailurrak argituko dituzte uztailaren 2an egingo den Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca egitasmoan. Partaideak farol bereziak eta linternak erabiliko dituzte Hondarribiako Higer lurmuturretik Gironako Creus lurmuturreraino joango den argi lerro bat sortzeko, herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.
Euskal herritarrek “115 gailur argiztatuko” dituzte antolatzaileen esanetan, Jaizkibeletik Benasqueraino, tartean Euskal Herrian dauden tontor ‘berdeak’ eta jende gehienarentzat irisgarriak direnak. Gailur ‘gorri’ gehienak berriz, Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak.
Herri bakoitzak gailur ‘berde’ bat edo batzuk izango ditu izendatuta, eta horregatik beharrezkoa da izena ematea, herrietan jartzen diren mahietan edo izenaeman.gureesku.eus webgunean. Gailur ‘gorriak’ egin nahi dutenek pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi behar dute.
Gure Eskuk “herrikideekin batera” joatea eskatzen die partaideei eta Elorrion, esaterako, Erdella Mendizale Taldearekin elkarlanean antolatutako bidaia prestatu dute, hiru aukera desberdin eskainiz.
Herri bakoitzari dagokion gailurra
Abadiño. Mendiaundi (Auritzetik). 4,5 kilometro, 1’ 30 min.
Atxondo. Mendiaundi (Auritzetik). 4,5 kilometro, 1’ 30 min.
Berriz. Menditxuri (Auritzetik). 3,3 kilometro, ordu 1.
Durango. Lindus (Ibañetatik). 3,4 kilometro. 1’ 10 min.
Elorrio. Menditxuri (Auritzetik). 3,3 kilometro, ordu 1.
Ermua. Menditxuri (Auritzetik). 3,3 kilometro, ordu 1.
Garai. Lindus (Ibañetatik). 3,4 kilometro. 1’ 10 min.
Iurreta. Lindus (Ibañetatik). 3,4 kilometro. 1’ 10 min.
Izurtza. Mendiaundi (Auritzetik). 4,5 kilometro, 1’ 30 min.
Mallabia. Menditxuri (Auritzetik). 3,3 kilometro, ordu 1.
Mañaria. Mendiaundi (Auritzetik). 4,5 kilometro, 1’ 30 min.
Otxandio. Argintzu (Urkiaga lepotik). 4,5 kilometro, 1’ 30 min.
Zaldibar. Menditxuri (Auritzetik). 3,3 kilometro, ordu 1.
Zornotza. Lindus (Ibañetatik). 3,4 kilometro. 1’ 10 min.