
Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan parte hartu duten eskualdeko hiru taldeek zapatuan Abadiñon jokatuko den finalean lehiatuko dira. Arratsaldean izango den norgehiagoka horretaz gain, Bizkaiko Bertsozale elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du eta goizean eskolarteko idatzizko zein bat-batekoaren finalak ere jokatuko baitira.
Abadiñoko probalekuan egingo diren ekitaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira Eskolarteko bertso idatzien finalarekin. Lehiaketan Bizkaia osoko 150 gaztetxo inguru batuko dira eta ordu bete inguru izango dute proposatutako ariketak egiteko.
Altube eta Sarriugarte
Eguneko egitaraua 11:30ak aldera hasiko den Bizkaiko Eskolarteko bat-bateko finalarekin jarraituko du eta oholtzan izango diren zortzi bertsolari gazteen artean Bittor Altube abadiñarra eta Ander Sarriugarte durangarra egongo dira. Beste lehiakideak Amaiur Atxa (Areatza), Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo), Maider Altuna (Arrigorriaga), Maite Sarasola (Deustu) eta Peio Lago eta Peru Irastorza getxotarrak izango dira.

Abadiñoko saioan lehiatuko diren zortzi bertsolarietatik bik azken buruz buruzkoa jokatuko dute. Bizkaiko txapelduna zein txapeldunordea ekainaren 8an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalean egoteko txartela lortuko dute eta bertan beste 12 bertsolarirekin lehiatuko dira.
Goizeko saioetako irabazleen sari banaketarekin eta ondoren hasiko den bazkariarekin osatuko da goizeko egitaraua.
Taldekakoa, arratsaldean
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta eskualdeak aktibatzeko eta indartzeko helburua duen Taldekakoen finala arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Probalekuko oholtzan ‘Miotako bidelapurrak’, ‘Tronperrieta’ eta ‘Koipelustre´s’ taldeak lehiatuko dira, hirurak eskualdeko bertsolariek eta bertsozaleek osatutakoak.
Otsailean hasi zen norgehiagokan 21 talde lehiatu dira eta bi fase gainditu ondoren Durangaldeko hiru ordezkariek lortu dute finalean egotea. Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunez osatuta dago, 3 bertsolari eta gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile bana.

Herriko probalekuan jokatuko duten Abadiñoko ‘Koipelustre´s’ek Beñat Gaztelurrutia, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Ainhoa Urien, Igor Galarza, Jon Zialzeta, Bittor Altube eta Ione Narbaiza biltzen ditu. Berriz eta Elorrioko kideek osatutako ‘Miotako bidelapurrak’ taldeko partaideak berriz, Miren Amuriza, Ibai Guridi, Amaia Ugalde, Iruri Altzerreka, Gorka Lazkano eta Joxe Garaizabal dira. Durango eta Iurretako ‘Tronperrieta’ azkenik, Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Ander Sarriugarte, Unai Iturriaga, Juan Mari Areitio, Erika Lagoma, Ander Elorriaga, Iker Maguregi, Leire Vargas eta Gorka Pagonabarragak osatzen dute.