
Durangaldeko bederatzi ikastetxe publikoetako guraso elkarteak biltzen dituen Berton Bertokoa ekimenak, hiru eskaera dituen idatzia erregistratu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailean. Egindako eskarien artean, sukaldea ez daukaten lau eskolatan zerbitzu hori jartzea nabarmentzen da.
Gaur egun, Durangoko Zabalarra ikastetxean, Zaldibar eta Atxondoko eskoletan eta Iurretako Juan Orobiogoitia institutuan ez dute sukalde azpiegiturarik eta erregistratutako eskariarekin egoera hori aldatu nahi dute. Horrekin, janaria eskolan bertan sukaldatzeko aukera izatea aldarrikatzen dute, Berton Bertokoaren manifestuan agertzen den moduan.
Hezkuntza sailari emandako idatzian manifestuan agertzen den beste eskakizun bat ere egin dute, “Durangaldeko ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak sukaldatuak izan ahal izateko proiektu bat onartu dezala”, Berton Bertokoa ekimenaren eragileen esanetan.
Jangelen batzordea
Bi eskakizun horiek jorratzeko helburuarekin “bilera bat eskatu diogu Hezkuntza sailari”. Idatzian tartekatutako hirugarren eskariaren helburua berriz, “abenduan Legebiltzarrean jangelen gaia lantzeko sortu zen batzordean parte hartzea”, eskatzen dute.
Berton Bertokoa ekimena sustatzen duten gurasoek, bestalde, Eurest eta Ausolan catering enpresekin bilera bana egin zuten, Urkiola Landa Garapena erakundeak gonbidatuta. Bertan, zuzenean luzatu zizkieten eskoletako guraso elkarteen eskariak, tarteko, Aste Santutik eta ikasturte amaiera arte Berton Bertokoa ekimenera atxikitako eskoletan “gutxienez astean behin bertoko eta sasoiko produktuak izatea”.
Bideo aurkezpena
Bestalde, Berton Bertokoa ekimenak ekoiztutako bideoklipa aurkeztuko da datorren eguenean Zaldibarko eskolan. Emanaldia arratsaldeko 18.00etan izango da.
Ondo eginda