Bizkaiko Eskolarteko Bertso Sariketen finalak jokatuko dira domekan Balmasedan eta bat-batekoaren atalean arituko diren zortzi bertsolarietatik erdiak Durangaldekoak izango dira. Eskualdeko lau lehiakideak Ander Sarriugarte eta Gorka Pagonabarraga durangarrak, Bittor Altube abadiñarra eta Iruri Altzerreka berriztarra izango dira.
Goizeko 10:00etan hasiko den jardunaldian, Bizkaiko bertsolaritzako ikasleak elkartuko dira eta Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako egitarauak egun osoa iraungo du. Eskolarteko Sariketan 18 urtetik beherako bizkaitarrek parte hartzen dute, bi mailatan: idatzizkoan eta bat-batean.
Eguneko lehenengo ekitaldia frontoian egingo den Eskolarteko bertso idatzien finala izango da. Atal honetan Bizkaiko ikastetxeetan bertsolaritza ikasle direnek parte hartu dute eta horietatik batzuk Balmasedan jokatuko den finalera sailkatu ziren. Azken lehiaketa horretan erabakiko dira adinaren arabera banatutako maila bakoitzeko irabazleak.
Goizeko 11:30ean Eskolarteko bat-bateko sariketaren finala jokatuko da Klaret Antzokian. Eskualdeko Sarriugarte, Pagonabarraba, Altube eta Altzerrekarekin batera Areatzako Amaiur Atxa , Santutxuko Maddi Egiguren, Deustuko Maite Sarasola eta Getxoko Peru Irastorza izango dira garaipenaren bila. Saioa amaitu ondoren sari banaketa eta bazkaria egongo dira.
Udaberriko faseko saioa
Eguneko egitaraua, Klaret Antzokian arratsaldeko 17:30ean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko faseko zazpigarren saioarekin osotuko da. Agertokian azalduko den seikotean eskualdeko hiru partaide egongo dira: Beñat Molina durangarra, Aitor Bizkarra abadiñarra eta Jon Ander Urkiaga zornotzarra. Beste hiru lehiakideak Aritz Landeta getxotarra, Ion Berrocal bilbotarra eta Iñaki Lersundi ondarroarra izango dira.