Abenduaren 5etik 9ra egingo den Durangoko Azokak bere 53. edizioa ospatzeko prestakuntzekin jarraitzen du eta dagoeneko erakusmahaiak alokatzeko epea zabaldu du. Aurreko urteetan egin den bezala eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeek doan jarri ahalko dituzte erakusmahaiak.
Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolaksortzaile, elkarte eta erakundeeo kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die. Horretarako, Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan behar du eskatzaileak eta produktu guztiak ‘Durangaldeko argitalpenak’ bezala erakutsiko dira. Izena emateko, kasu honetan, Gerediaga Elkartera jo behar da.
Irailaren 30a arte
Kulturaren plazan parte hartu nahi duten gainontzeko argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein autoekoizleek irailaren 30era bitartean dute izena emateko epea eta eskariak www.durangokoazoka.eus webgunean egin behar dira.
Bere produktuak Durangoko Azokan izan nahi dituztenek hainbat aukera izango dituzte horretarako. Araudian jasotako irizpideen arabera, interesatuak erakusmahai osoa, erdia edota hainbat partaiderekin batera partekatutako auto-ekoizpenen gunea kontratatu ahal izango dute. Eskaerak online egin beharko dira, Durangoko Azokaren webguneko ‘Nire Azoka’ atalean erregistratuta.
Bestalde, Azokako gune ezberdinetan euren lanak zuzenean aurkeztu nahi dituzten sortzailek urriaren 1tik 15era eman ahal izango dute izena.
Sormen Beka
Ikasle Eguna abenduaren 5ean izango da, Azokaren irekiera egunean hain zuzen, eta aurreko edizioetan bezala, tailer eta ekintza bereziak antolatuko dira. Prestatuko diren ekimenentan parte hartu nahi duten ikastetxe eta hezkuntza zentroak, urriaren 1etik 15era izango dute zabalik izena emateko epea.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berrien lanak ezagutzera emateko asmoarekin deitutako Sormen Bekara proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Aurtengo deialdian literatura izango da oinarri eta 15.000 euroko laguntza jasoko du proiektuak.