55. Durangoko Azoka osasun-krisiak baldintzatutako edizioa izango dela eta aldaketa ugari izango ditu, aipagarriena saltoki fisikorik ez dela jarriko Landako Gunean eta salerosketak online bakarrik egingo direla.
Hori dela eta Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Amankomunazgoak hitzarmena sinatu dute Durangaldeko sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, ekoizpen enpresa, banatzaile edo erakundeek saltzen dutenaren %100 jasoko dute. Eskualdekoak ez direnei berriz, saldutakoaren %12a kobratuko zaie kudeaketa eta logistika gastuengatik.
Eskaintza honekin baliatzeko ezinbestekoa da helbide fiskala Durangaldeko herriren baten izatea, hau da, Abadiñon, Atxondon, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian edo Zaldibarren. Halaber, beharrezkoa izango da Azokako araudia betetzea, hots, produktua euskarazkoa izatea edo euskal gaiak jorratzea.
Durangaldeko argitalpenak
Aurreko edizioetan, Gerediagaren eta Amankomunazgoaren elkarlanari esker, ‘Durangaldeko argitalpenak’ erakusmahaian saldu ahal izan dituzte euren ekoizpenak eskualdeko sortzaileek. Hitzarmen horri esker sortzaileek ez zuten erakusmaharik alokatzeko beharrik euren produktuak saltzeko.
Abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den Durangoko Azokan ez da erakusmahairik egongo eta horren ordez www.durangokoazoka.eus webgunean egongo den denda birtuala sortuko da. Hau da, Landako Gunearen leku fisikoa euskal kulturaren plaza digital erraldoiak hartuko du.
Izena emateko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 94 681 8066 telefono zenbakira deitu beharko da, produktuaren nondik norakoak azalduz, azaroaren 2a baino lehen.