
Etxanoko jaiak gaur, arratsaldeko 18:00etan, piztuko duten txupinazoarekin hasiko dira eta egunera arte iraungo dute. Egitarauan herriko musikarien agerraldiak nabarmenduko dira, Inun abeslariaren eta Kittu laukotearen saioak izango baitira.
Txupinazoa piztearekin batera mus txapelketa hasiko da eta jarraian ‘The Funes Group’ taldearen antzerki emanaldia iragartzen dute. 20:30ean tortilla txapelketan parte hartuko duten arrautzopilak aurkeztuko dira. 22:30ean bertso saioa hasiko da eta agertokian izango diren Miren Amurizak, Maialen Lujanbiok, Unai Iturriagak eta Xabat Galletebeitiak Amaia Aurrekoetxeak jarritako gaiei erantzungo diete.
Goizeko 11:00etan emango den mezarekin hasiko dira eguazteneko ekitaldiak. Ondoren Zornotzako Otxotearen saioa, esku pilota partiduak eta herri bazkaria egongo dira. Arratsaldean aitite-amamei omenaldia egingo zaie, Etxanoko dantza taldearen partaidetzarekin. Eguneko egitaraua osatzeko Joselu Anaiak girotutako erromeria, eko-taloekin egindako luntxa eta Kittu taldearen saioa egongo dira.
Xeberren omenezko VI. mendi martxarekin abiatuko da eguneko egitaraua, goizeko 9:30ean. 11:00etan meza emango da eta eguerdian Artzai txakurren III. lehiaketa egongo da. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak eta tailerrak; hirukoteen arteko briska txapelketa eta parrillada izango dira. Gaueko 22:00etatik aurrera Inun abeslari zornotzarrak eskainiko duen kontzertuak jaiei amaiera emango die.
Azpitiluluan, Etxano auzoko jaiak hasten direla diño, baina Etxano ezta auzoa. Amorebieta lez, Etxano herria da. Etxano herriko jaiak ospatzen diren auzoa Dudea da