
Literatura sustatu, arte honetara jendea erakarri eta euskal zaletasuna bultzatzeko helburua duen ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimena Plateruena Kafe Antzokian barikuan egingo den irakurraldi publikoarekin amaituko da. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta gauerdira arte jarraituko du etenaldirik barik.
Amaitzear dagoen laugarren edizioaren gaia ‘Bidaia’ da eta ekimena agurtuko duen saioan banaka zein taldeka eskainiko diren 260 agerraldi tartekatuko dira. Partaide bakoitzaren emanaldiak bi minutuko iraupena izango du gehienez eta aukeratutako testua irakurrita emango dutenekin batera pasarteak abestuta, antzeztuta, dantzatuta edo margotuta eskainiko dituztenen saioak tartekatuko dira.
Agertokian azalduko direnen artean “eurek idatzitako 20 sortzaile inguru” izango direla adierazi dute antolatzaileek. Gainontzeko partaideek, Joseba Sarrionandia, Gabriel Aresti, Miren Agun Meabe, Leire Bilbao, Felipe Juaristi, Pako Aristi, Kirmen Uribe edo Patxi Zubizarretak, besteak beste, idatzitako obretatik aukeratutako pasarteak eskainiko dituzte.
Aurten ere Durango eta Durangaldeko herrietatik gerturatutako irakurleekin batera, Bilbotik, Gasteiztik edo Iparraldetik etorritako partaidek espero dituzte antolatzaileek.
‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenaren laugarren edizioa otsailaren 10ean hasi zen Miren Agur Meabek ‘Identitate poetiko bat norabide’ izenburua izan zuen hitzaldiarekin. Martxoan eta apirilean berriz, tertulia dialogikoak hartu zuten protagonismoa.
Laugarren edizioan Anbotora, Kubara,SPra zein barne bidaiak izan badute protagonismoa, ‘Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015) eta ‘Durangaldeko idazleak’ (2016) izan dira aurreko edizioetako ardatzak.