
Iurretako Zaldai Mendi Taldeak antolatutako 2019ko Mendi Erronkak, 30 mendi-gailur proposatzen ditu 11 hilabeteko epean egiteko. Ekimen honek, “lehiaketaz harago, mendizaletasuna bultzatzea” du helburu eta, bide batez, “Euskal Herriko zein Pirinioetako mendi desberdinak ezagutzea”.
2019ko Mendi Erronkak Zaldaiko bazkideei zein elkarteko kideak ez diren mendizaleei irekita dago eta ekimena urtarrilaren 1an hasi eta azaroaren 30ean amaituko da. Egun bakarrean mendi tontor bat igo ahalko da bakarrik.
Erronkan izena emateko beharrezkoa da zaldaimenditaldea.org web gunean sortutako galdetegia betetzea. Gainera, bertara igo beharko dira partaideen datu pertsonalak eta igotako mendien argazkiak. Antolatzaileek, gainera, eskertzen dute mendietako argazkiak sare sozialen bidez zabaltzea, #ZaldaiMendiErronka2019 etiketa erabilita.
Zero eta 10 urteko haurrek gutxienez hiru herrialdetako bost mendi igo beharko dituzte Mendi Erronka burutzeko. Adin hauetako haurren kasuan, antolatzaileek emandako zerrendatik kanpoko Euskal Herriko ‘buzoidun’ edozein mendik balioko du erronka burutzeko.
18 urtetik beherakoek, berriz, emandako zerrendatik gutxienez hiru herrialdetako bost mendi igo beharko dituzte aurtengo Erronka burutzeko, eta 18 urtetik gorakoek gutxienez zerrendako bost herrialdetako hamar mendi igo beharko dituzte.
Erronkarako aukeratutako mendiak
Bizkaia: Ranero (729 metro). Kolitza (883), Tontorramendi (386), Untzillatx (934) eta Gallanda (524).
Araba: Soila (994), Palomares (1143), Oketa (1031), Aumategi (1192) eta Jarindo (895).
Gipzukoa: Ausa Gaztelu (901), Udalatx (1120), Erroilbide (Aiako Harria) (837), Orkatzategi (869) eta Artzanburu (1368).
Ipar Euskal Herria: Baigura (897), Bahorlegituturru (1265), Lauriñaga (1279), Ibantelli (698) eta Artzamendi (926).
Nafarroa: Otzamendi/Arnaba (1255), Ttutturre (1282), Ireber (1208), Kartxela (1979) eta Adi (1457).
Pirinioak: Midi d’Ossau (2884), Petrechema (2371), Garmo Negro (3064), Pica d’Estats (3142) eta Aspe (2640).