Larrano parapente taldeak antolatutako Euskal Herriko lehen ‘Hike & Fly’ txapelketa ospatuko da zapatuan Elorrion. Ekimen honetan parte hartuko duten kirolariek oinez egindako ibilaldia eta parapente jauzia uztartuko dituzte; beraz, pilotu bakoitzak erabili ahal izango dituen garraiobide bakarrak bere oinak eta parapentea izango dira.
Txapelketa goizeko 12:30ak aldera hasiko da Elorrioko plazan eta parte hartzen duten kirolariek Udalaitzeko antzinako meatoki ingurura joan beharko dira oinez edo korrika eginez. Ibilbide horrek bost kilometro baino zerbait gehiago ditu eta parte hartzaileek 535 metro desnibel positiboa gainditu beharko dituzte, aireratze lekua dagoen 640 metroetara heltzeko.
Antzinako meatzetara heldu ondoren, parapentea kokatu, aireratu eta meteorologiaren arabera antolatzaileek jarritako baliza batzuetatik pasatu beharko dute piloto guztiek, San Anton inguruan kokatuko den gunean lurreratu aurretik. Ondoren, korrika edo oinez joan beharko dira Herriko plazaraino, leku horretan egongo baita kokatuta helmuga.
Estrategia eta esfortzua
Parte hartzaileek ezingo dute itsaso mailatik 1400 metrotako altuera pasatu. Jarritako balizetan 2 metrotako tolerantzia egongo da, GPSaren akatsak saihesteko, eta alturan %2koa.
‘Hike & Fly’ txapelketak “estrategia, esfortzua eta hegaldi librea jorratzen ditu”, antolatzaileen arabera eta parte hartzaileek denbora jakin baten burutu beharko dute prestatutako ibilbidea.
Txapelketak bi kategoria izango ditu eta Euskal Herrikoa irabazten duenak txapela, garaikurra, urdaiazpikoa, txorizoa eta eskalada denda baten trukatzeko balea eskuratuko ditu. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, garaikurrak, jaikiak eta eskalada dendan trukatzeko baleak irabaziko dituzte.
Euskadin federatu gabeak eta besteak Open kategorian lehiatuko dira eta sailkatutako hiru lehenak, jateko produktuak eskuratuko dituzte.