Iurretako liburutegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ‘Euskal Herriko neandertalak’ hitzaldi-solasaldia antolatu dute elkarlanean. Asier Gomez Olivencia paleontologoaren berbaldia gaur izango da, hilak 16, 18:30an hasita, Ibarretxe kultur etxean.
Neandertal espeziea duela 430.000 urte agertu eta orain dela 40.0000 desagertu zen giza-espezie ospetsua izan zen, eta aztarnategi eta teknika berriek bere inguruko informazio berri baliotsua eskaintzen dute.
Orain dela milaka urte bizitza nolakoa zen ulertzeko eta iragana ezagutzeko aukera ematen dute indusketetan aurkitutako fosilek eta aztarnen azterketak. “Izan ere, azken urteetan egindako bilduma arkeo-paleontologikoen berrikuspenak Europako neandertalen portaera ulertzeko giltza izan dira”, antolatzaileen esanetan.
1967an Dimako Axlor aztarnategian aurkitutako hiru giza fosilen azterketak datu interesgarriak azaleratu ditu. Adibidez, egindako ikerketek erakutsi dute neandertalek ez zutela elikatzeko bakarrik ehizatzen. Beste baliabide batzuk lortzeko bidea ere bazen ehiza eta neandertalen eta ingurunearen erlazioa pentsa daitekeena baino konplexuagoa zela ondorioztatu daiteke.
Horren inguruan hitz egingo du Asier Gomez Olivencia Giza Eboluzioan espezializatutako doktorea eta paleontologoak. Bere tesia Atapuercako Ikerketa Taldean egin zuen, eta bere iblbidean egin dituen ikerketekin 90 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu.
Cambridgeko Unibertsitatean eta Parisko Musée de l’Homme-n lan egin du eta 2014an Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zen, lehenik Ikerbasque ikertzaile gisa eta gero Ramón y Cajal ikertzaile bezala. Euskadin ere hainbat aztarnategitako lanak zuzentzen ditu.
Hitzaldi-solasaldirako sarrera librea bada ere, aurretiaz izena eman behar da biblioteka@iurreta.eus helbidera idatziz edo 946812726 telefono zenbakira deituz.