
Herria suspertu eta bisitariak erakartzeko asmoarekin sortutako ‘Elorrioko Udak’ ekimenaren baitan antolatutako Musikaire ikuskizunen programazioa abiatuko da asteburu honetan. XIX. edizioa beteko duen jaialdia estilo nahasketak proposatzen dituzten bi agerraldirekin hasiko da.
Herriko plazan gaur eta bihar, gaueko 22.30ean, izango diren ikuskizunetako ardatz nagusiak dantza eta musika izango dira, hurrenez hurren. Gaurko agerraldian dantza flamenkoa eta euskal musika uztartzen dituen ‘Dantzari’ ikuskizuna eskainiko da eta bihar folka, countrya eta bluesa lantzen dituen La M.O.D.A. musika taldearen txanda izango da.
Jesús Herreraren ‘Dantzari’ sorkuntza koreografikoarekin abiatuko dira aurtengo agerraldiak. Jatorriz donostiarra den Herreraren ikuskizunak jaioleku duen lurra eta artista gisa hazi zeneko lurra uztartzen ditu eta horretarako euskal musika tradizionalaz eta flamenkoaz baliatzen da.
‘Dantzari’n, euskal dantzetan arakatu eta bere sentimendu flamenkora eramaten ditu, eta bi kulturak bat egin, elkar ulertu eta maita dezaketela erakutsiko du Herrerak. Ezaugarri horrekin, sentimenduz, indarrez eta talentuz betetako maitasun istorio polit bat plazaratuko du sortzaile donostiarrak.
Folk, country eta blues doinuetan oinarritu eta punk eta rock & roll izaeretatik gertu dagoen La M.O.D.A. taldea izango da biharko agerraldiko protagonista. La Maravillosa Orquesta del Alcohol izenarekin Burgosen sortutako seikoteak musika akustikoa nahasten du akordeoia, gitarra, banjoa, mandolina eta saxoaz baliatuta.
2011n sortutako taldeak agerraldi arrakastatsua eskaini zuen Bilboko BBK Live jaialdian eta bertan agerian utzi zuten gogokoak dituztela loturarik gabeko izaera askeak.