
Gerediaga Elkarteak proposamen bikoitza luzatu du datorren larunbaterako. Alde batetik, Euskal Musikako Azoka Txikia izango da elkarteko egoitzan goizean, eta arratsaldean, berriz, “Dantzaroa” Durangaldeko dantzen agerraldia eskainiko dute Andra Mariako elizpean.
Larrasoloetan dagoen Gerediaga Elkarteko egoitzak ateak zabalik izango ditu, goizeko 11.00etatik 14.30etara. Kanpoaldean, hainbat garai eta estiloko euskal musikako azoka txikia izango da. CDak eta biniloak salgai jarriko dituzte prezio merkean: disko bat 3 euro, bi disko 5 euro eta hirugarren diskotik aurrera, bakoitza euro bi.
Bilduma zabala izango dela aurreratu dute Gerediagatik: rock, pop, abeslariak, taldeak, folk, musika herrikoia eta klasikoko musikaleak, hain zuzen ere. Guztira 1.000 disko inguru ikusgai eta salgai izango dira, gustu eta behar guztientzat.
Egoitzaren barrualdean, berriz, ate irekien jardunaldia izango da, eta elkarteko egitasmoak eta ekintzak, dokumentategia eta bulegoak ezagutzeko aukera izango dute bertara hulbildu nahi duten guztiek.
Kalejira eta agerraldia
Arratsaldean, ordea, “Dantzaroa” agerraldia eskainiko dute Euskal Astearen egitarauaren barnean. Bosgarren edizioa iznago da, eta Durangaldeko dantza taldeek eta Gerediaga Elkarteak antolatuta, “oraindik jende askok ezagutzen ez dituen eskualdeko dantzak zabaltzea dauka helburu nagusi”. Horretaz gain, Durangaldeko dantzariak jai giroan batzeko aitzakia ere bihurtuko da.
Durango, Iurreta, Garai eta Berrizko dantza taldeak batuko dituen ekitaldia arratsaldeko 19.00etan kalejira batekin hasiko da. Durangoko Udaletxe aurrean irten, Santa Ana Plaza eta Goienkaletik igo eta Andra Mariako elizperaino joango dira taldeak. Bertan agerraldia eskainiko dute 19.30ean.
“Dantzari dantzako” agintariena, zortzinangoa, banangoa, makil jokoa eta txotxongiloa, Durangoko Korpusko jaietan euren jatorria duten arku dantza eta zinta dantza dantzatuko dira saioan. “Dantz bi hauek jatorrian zortzi mutilek dantzatzen duten aipatutako jaian, baina 1886an, urteetan galduta egon ondoren, berreskuratu zuten, neskak eta mutilak dantzatzeko modura berrantolatuz”, azaldu dute Gerediagatik. Mutil bat aurreskularik eta neska bat atzeskularik sortutako soka dantzak emango dio amaiera ekitaldiari.
Saioa bukatu ondoren, dantzariek eta publikoak gazta eta ardoa dastatzeko aukera izango dute.