
‘Euskaldun berriaren parkea’ izena jarriko diote Iurretako Belbil txapa-lantegiak utzitako orubeari, ostegunean egindako osoko bilkuran aho batez onartutako erabakiaren ondoren. Izendapen horrekin “euskaldun berriek egiten duten ahalegina” aitortu nahi du Iurretako Udalak.
Akordio horrek “heldutan euskera ikastea erabaki duten pertsona guztiei aitortza erakusteko” asmoa du. Izendapenaren oinarria iazko Euskeraren Egunean egindako adierazpenean dago, bertan udalerriko parke edo kaleren bati ‘Euskaldun berri’ izena jartzeko konpromisoa hartu baitzuen Udalak.
Erabaki horretaz gain hainbat ekimen burutu nahi ditu etorkizunean Iurretako Udalak eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko, Euskararen Aholku Batzordearen eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntza eta lankidetza izango ditu.
Dagoeneko, urteko lehendabiziko batzarra egin du Euskararen Aholku Batzordeak eta bertan urtean zehar martxan jarriko diren hainbat ekimenak adostu eta antolatu dira.
Alde batetik, langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko eta euskara gehiago erabiltzeko helburua duen Aldahitz ikerketan parte hartzen ari Udala. Ikerketa hori Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bideratzen dute.
Bestalde, herriko merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko “Euskara betibizi” kanpainari jarraipena emango zaio eta kirolaren eremuan, euskararen erabilera handitzeko asmoarekin, Kirol Elkarteetako ordezkariekin batzarrak egingo dituzte.
Gainera, Herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara kalera ateratzeko asmoarekin, World Kafea egingo da udaberrian, Dantzari Auzunean.