Durangoko Bilgune Feministak eta Euskal Herrian Euskarazek ‘Euskara eta feminismoa bidaide’ izenburu duen hitzaldia antolatu dute datorren eguenerako, arratsaldeko 19:00etan. Plateruena kafe Antzokian izango den berbaldian Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel izango dira hizlari.
Lorea Agirre (Beasain, 1968) Informazio Zientzietan lizentziaduna eta antropologoa da. Mondragon Unibertsitatean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakaslea eta ‘Sorguneak’ ikerguneko ikerlaria denez euskararen, feminismoaren eta euskal kulturaren inguruko ikerketetan parte hartu du. 2014 tik Jakin aldizkariko zuzendaria da eta aldez aurretik Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egin du.
Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) kazetaria eta antropologoa eta EHUko kazetaritza irakaslea da. Bere ikerketetan generoa eta nazio identitatea landu ditu batez ere. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian egin du lan eta Euskadi Irratian, Euskalerria Irratian, Info 7 irratian, Argian eta Jakinen kolaboratu du, besteak beste.